San Martinek tokiko musika-talentuaren aldeko apustua egiten du
San Martin Merkatua eta Real Sociedad lehen aldiz elkartu dira “Reala Zuzenean Maketa Lehiaketa”ren edizio berria martxan jartzeko. Ekimen honen helburua musikan dabiltzan gazte talentuak bultzatzea da, eta harrera oso ona izaten du euskal musikari gazteen artean. Izan ere, sari nagusia berezia da: Anoetako estadioan zuzenean jotzea, Ligako azken partidako atsedenaldian.
“Reala Zuzenean Maketa Lehiaketa”ren lehen fasean —2025eko abenduaren 30etik 2026ko urtarrilaren 26ra bitartean—, talde eta bakarlariek zuzenean jotzeko aurkeztu nahi zituzten kantuak bidali zizkioten antolakuntzari. Ondoren, Real Sociedadeko barne-epaimahai batek finalerako zortzi parte-hartzaile aukeratu ditu. Hauek otsaila, martxoa eta apirilean arituko dira San Martin Merkatuan eta Anoetako Keler Espazioan.
Aukeratutako talde eta bakarlari gehienak Gipuzkoako hainbat herritatik datoz: Donostiako Herenegun, Cosmicar, Aria, Amaia Gajate eta El Guapo Calavera; Zarauzko Geels taldea; eta Zumaiako Ainhoa Urteaga bakarlaria. Bizkaiko ordezkaritza, berriz, Bakioko Enbata Loradek izango du.
“Final Four” fasea bi agertokietan jokatuko da. Lehen finalaurrekoa apirilaren 19an izango da Keler Espazioan, eta bigarrena, berriz, apirilaren 23an San Martin Merkatuan. Finalaurreko bakoitzean irabazle bat aukeratuko da, eta aurreko fasetako botoak ez dira kontuan hartuko.
Final handia maiatzaren 9an, larunbatez, egingo da San Martin Merkatuan. Bertatik irtengo da talde irabazlea, eta sari gisa bi abestiren grabazioa egingo du AME Estudioak estudioan —proiektu honen laguntzailea—, eta Anoetan jokatuko den LaLigako azken partidaren atsedenaldian zuzenean aritzeko aukera izango du.
Bestalde, finalerako hautatutako zortzi taldeen artean bi sari zozketatuko dira: Realaren lehen ekipazioko kamiseta bat eta Anoetan partida bat ikusteko bi VIP sarrera.
Idoia Asurmendi abeslaria da proiektu honen aurpegi ezaguna, eta bere hitzetan, “aitzakia bikaina da talde berriak animatzeko, parte hartu dezaten eta euren musika jendearekin zein munduarekin partekatzeko. Aukera oso baliotsua dela uste dut, artista berrientzat bultzada handia delako. Horrelako ekimenek benetan laguntzen dute”.
TOKIKO TALENTUA
Miren Celaya, San Martin Merkatuko arduradunak, azaldu du ekimen honekin bat egitea erabaki dutela merkatuaren balioekin guztiz bat datorrelako. “Azken urteotan argi eta garbi egin dugu tokiko musika-talentua sustatzeko apustua. Gure merkatua jendez gainezka egon diren ekitaldi askoren eszenatoki izan da, hala nola Gastropote edo JazzBrunch bezalako ekimen ezagunetan. Real Sociedaden eskutik maketa lehiaketa honetan parte hartzea oso ilusio handiz bizi dugu, merkatua berriz ere musika-eszenatoki bihurtuko delako, gazte eta talentu handiko euskal musikarien eskutik”.
KONTZERTUEN AGENDA:
San Martin Merkatuan:
• Otsailak 12, osteguna: ARIA
• Otsailak 26, osteguna: AMAIA GAJATE
• Martxoak 26, osteguna: GEELS
• Apirilak 9, osteguna: COSMICAR

