San Martin Merkatuak indartsu eta bizirik jarraitzen du denda berriekin
Lindt txokolate-marka entzutetsuak eta VivGym gimnasio-kate ezagunak, , San Martin Merkatuko establezimenduen eskaintza berritua osatuko dute datozen hilabeteetan. Miren Celaya arduradunak baikortasunez baloratzen du eraldaketa-etapa berri hau.
Duela bi urte, 2024ko udan, ohiko merkatua berritu zen. Zein izan dira eraberritze haren onura nagusiak?
Oro har, merkatuak modernotasuna eta erosotasuna irabazi ditu eta auzoko topagune gisa duen zeregina indartu du. Aurreko urtearekin alderatuta, bisitari gehiago izan ditugu, argiztapen berriari eta fatxadan egindako esku-hartzeei esker. Izan ere, merkatu tradizionalari ikusgarritasun handiagoa eman diote. Merkatari berriak ere batu dira, eta eskaintza zabaldu egin da, produktu ekologikoak eta bertakoak gehituta. Gainera, espazio berri bat sortu dugu, eta bertan produktuen tailerrak eta dastaketak egiten ari gara. Horrek publiko berriak erakarri ditu. Pozik gaude, gure identitatearen erdigunea eta gure jardueraren ardatza den merkatu tradizionala inoiz baino biziago dagoelako.
Duela gutxi, Fnac berriak ateak ireki ditu, espazio txikiagoarekin.
Espazioa murriztu bada ere, konpainiak banaketa trinkoago eta digitalizatuago baten aldeko apustua egin du: liburuen atalean stock fisiko gutxiago dago, eta pantaila interaktibo gehiago, katalogoa kontsultatzeko eta online egindako eskaerak dendan jasotzeko aukerarekin. Teknologia eta kontsumo-elektronikaren arloak ere pisu handiagoa hartu du; papergintza edo musika fisikoa bezalako atalak, berriz, txikiagoak dira. Konpainiak bere garaian azaldu zuen bezala, erosketa-ohiturak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago erosten da online. Guretzat, Fnac-en presentzia murrizteak Lindt denda bat eta VivaGym gimnasio bat izateko aukera emango digu.
San Martingo VivaGym gimnasio berria inguruko bizilagunentzat erakargarri handia izango dela aurreikusten da. Bai, eta guretzat, merkatu tradizional gisa, publiko berriak erakartzeko aukera emango du, bereziki gazteagoak eta bizi- eta elikadura-ohitura osasungarriak izateko interesa dutenak. Balio horiek bat egiten dute gure filosofiarekin.
Eta zer ekarriko du Lindt bezalako marka ospetsu baten presentziak?
Lindt-en etorrerak nabarmen indartuko du San Martin Merkatuaren merkataritza-prestigioa, bereziki, eta Donostiako erdigunearena, oro har.
“ESPERIENTZIA HURBILA ETA PREMIUMA ESKAINIKO DUGU”
Bikaintasuna, plazera eta pasioa dira Lindt txokolate-marka entzutetsu suitzarra definitzen duten hiru hitzak. Marka kalera ematen duen lokalean kokatuko da, merkatuaren erdiko galeriaren eta Loiola kalearen arteko izkinan, 140 metro koadrotik gorako espazio batean.
Enpresak azaldu duenez, denda berriak Lindt unibertsoaren esperientzia oso eta espezializatua eskainiko du. Bisitariek aukera izango dute askotariko produktuak ezagutzeko, berritasunak eta denboraldiko edizioak aurkitzeko eta aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko, txokolate edo opari egokiena aukeratzeko. “Lindt modu hurbilago eta premiumagoan gozatzeko pentsatutako esperientzia da”, gaineratu dute.
Markaren gama ezagunenetako batzuk izango dira protagonista nagusiak, hala nola Lindor eta Lindt Excellence, berritasunekin eta denboraldiko bildumekin batera. Lindt Dubai Style Chocolate ere nabarmenduko da, gehien eskatzen diren produktuetako bat. “Bisita bakoitzak aurkikuntzarako osagai bat izatea nahi dugu. Gure helburua Donostian txokolatezaleentzat erreferentziazko gune bihurtzea da. Bertakoek zein bisitariek Lindt unibertsoaren zabaltasuna ezagutzeko, esperientzia berezia bizitzeko eta markarekiko lotura indartzeko espazioa izatea nahi dugu. Ziur gaude San Martin Merkatuaren kokapenak eta erakargarritasun gastronomikoak denda berri honen irekiera arrakastatsua izaten lagunduko dutela”.
“INSTALAZIO MODERNOAK ETA KALITATEZKOAK”
VivaGym gimnasio-katea prezio eskuragarriak, iraunkortasunik gabeko tarifak eta taldeko klaseen eskaintza zabala eskaintzen ditu.
Enpresako ordezkariek azaldu dutenez, gimnasioa entrenatzeko espazio hutsa baino askoz gehiago izatera igaro da. “Gaur egun, pertsonen ongizate integrala sustatzen duen gunea da, jarduera fisikoa ez ezik, norberaren zaintza eta bizi-ohitura osasungarriak ere bultzatuz”. Enpresaren helburua bazkideei egunerokoan ariketa fisikoa txertatzen laguntzea da, hobeto sentitzeko tresna gisa, adina, esperientzia edo egoera fisikoa edozein dela ere.
Ikuspegi hori instalazio moderno eta kalitatezkoetan oinarritutako proposamen batean gauzatzen da, profil ezberdinetara egokitutako jarduera gidatuen eskaintza zabalarekin, iraunkortasunik gabeko ereduarekin eta etengabe hazten ari den klub-sarearekin. Horri esker, bazkideek askatasun, malgutasun eta hurbiltasun handiagoz entrenatu ahal izango dute.
Gimnasioa San Martin Merkatuaren bigarren solairuan egongo da, eta igogailu propioa izango du. Merkatuaren erdiko galeriatik sartuko da igogailura, Lindt eta Zukaren artean. Eskailerak ere egongo dira, eta dagoeneko existitzen den pasabidearen bidez gimnasioarekin lotuta egongo dira.

